| 2007/12/03ko (astelehena) prentsa oharra
CESMA, IBERMUTUAMUR, MAC-MUTUA DE ACCIDENTES DE CANARIAS, MC MUTUAL, MUTUALIA eta SOLIMAT mutualitateak elkartzearen emaitza da Mutua KorporazioaEspainiako lan istripuen mutualitateen lehendabiziko elkartea sortu da
(Madril, 2007ko abenduaren 3a). Gaur aurkeztu dute, Madrilen, Espainian sortutako Gizarte Segurantzako laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen mutualitateen lehendabiziko korporazioa. Erakundeak Mutua Korporazioa izena hartuko du, eta sei mutualitate bilduko ditu: CESMA, IBERMUTUAMUR, MAC-MUTUA DE ACCIDENTES DE CANARIAS, MC MUTUAL, MUTUALIA eta SOLIMAT. Guztiek ere koordinazio eredu bakarra izango dute, eta bateratu egingo dituzte haien baliabideak eta asistentzia zentroak. Mutua Korporazioa Espainiako lehendabiziko mutualitate taldea izango da zerbitzu sareari dagokionez, eta bigarrena kotizazio sozialetatik bildutako kuotei dagokienez (merkatuko kuoten % 20,3). Taldeak 3.000.000 langile baino gehiago babestuko ditu, eta kidetutako 360.000 enpresa inguru izango ditu. Sektore osoko asistentzia sarerik zabalena izango du: Espainia osoan 282 zentro propio izango ditu, eta haietatik 196 asistentzialak izango dira. Horrez gain, bederatzi ospitale ditu: bina Bartzelonan eta Bilbon, eta bana Murtzian, Donostian, Toledon, Valentzian eta Gasteizen. Honako hauek egin dute aurkezpena: Gizarte Segurantzako Estatuko idazkariak (Octavio Granado), Gizarte Segurantzako Ordenazio zuzendari nagusiak (Miguel Ángel Díaz Peña), Mutua Korporazioko presidenteak (Urtsa Errazti) eta zuzendari korporatiboak (Heraclio Corrales). ![]() Ezkerretik eskuinera: Miguel Ángel Díaz Peña, Gizarte Segurantzako Ordenazio zuzendari nagusia, Octavio Granado, Gizarte Segurantzako Estatuko idazkaria, Urtsa Errazti, Mutua Korporazioko presidente korporatiboa, eta Heraclio Corrales, Mutua Korporazioko zuzendari korporatiboa. Gizarte Segurantzako Ordenazio zuzendari nagusi Miguel Ángel Díaz Peñak adierazi duenez, Mutua Korporazioari esker, egia bihurtu da Estatuko Idazkaritzaren aspaldiko ideia bat; hain zuzen, kontzentrazio prozesua eta ezaugarri indibidualei, bereizgarriei eta lurraldeko gertutasunari eustea bateragarriak izatea ahalbidetzen duen formula. Díaz Peñak kontzentrazio prozesu horren helburuari buruz ere hitz egin du: «Baliabide publikoak kudeatzen eraginkorragoak izatea -zehazki, Gizarte Segurantzaren baliabideei dagokienez, mutualitateen bitartez- eta zerbitzua hobetzea -erakundeen finantza baliabideak, bitarteko materialak, instalazioak eta langileak hobeto erabilita-. Era horretara, sinergia areagotu egiten da». Bestalde, zuzendari korporatiboak, Urtsa Erraztik, zera nabarmendu du: «Mutua Korporazioa gero eta zorrotzagoa den sektorerako erantzun estrategikoa da; izan ere, sektore honetan beharrezkoa da tamainaren, eraginkortasunaren, kalitatearen eta kaudimenaren aldetik haztea. Gero eta azkarrago aldatzen ari den mundu honetan, inoiz ez da orain bezain beharrezkoa izan eraginkortasuna lortzearren lankidetzaz eta sinergiez baliatzea». Erraztiren iritziz, Mutua Korporazioa sortu izana aparteko garrantzia duen gertakizuna da, anbizio handikoa, eta errespetatu egiten ditu indarrean dagoen legedia, konpromiso etikoa eta antolakuntza aniztasuna. «Aitzindariak izan gara eta sektoreko erreferente izango gara», adierazi du Erraztik, eta Korporazioaren oinarrizko balioak honakoak direla: berau osatzen duten erakundeen arteko lankidetza, autonomia, baliabideak arrazoizko moduan erabiltzea, aniztasuna, eskala ekonomiak lortzea eta gardentasuna. «Babesturiko langileentzako, mutua enpresentzako, Korporazioa osatzen dugun mutualitateentzako eta, nire ustez, gizarte babes sistemarako ere, albiste ona da hau», esan du Erraztik amaitzeko. Heraclio Corrales zuzendari korporatiboak azaldu du aurrerantzean bi erronka izango dituztela: sektorean duten egoera indibiduala eta kolektiboa hobetzea, eta zerbitzuen eskaintzan zein kalitatean hobera egitea. Horren harira, nabarmendu du Mutua Korporazioak sektoreko zerbitzu sare nagusia izango duela eta, hala, mutualistek Espainia osoan izango dutela estaldura, partaide diren mutualitateen asistentzia koordinazioaren bidez. «Asistentzia sarea koordinatu ostean -azaldu du Corralesek-, osasun kudeaketako prozesuak homogeneizatzearen alde egingo dugu lan; horretarako, erantzun eta zerbitzu homogeneoa bultzatzen duten mediku eta administrazio protokoloak, kalitate ereduak, gertaerak kudeatzeko prozedurak eta ezintasun prozesuen iraupenaren erreferentzia denborak ezarriko ditugu.» Mutua Korporazioak, I+G+b programez bidez, balio erantsia duten zerbitzu bereiziak ere eskainiko ditu, berez dagozkion osasun esparruko ahalmenekin koherenteak diren zerbitzuak. «Horri esker, indartu egin ahal izango dugu gurekin harremana duten Administrazio Publikoekin, jendearekin eta erakundeekin dugun lankidetza», adierazi du Corralesek. Orobat, iragarri du abenduaren 31 baino lehen identifikatuta egongo direla kudeaketa banandu beharra duten prozesu guztiak, eta horietako bakoitzean kalitatezko kudeaketa ereduan oinarritutako lantalde bat arituko dela lanean, adituez gain mutualitateetako teknikariak ere bilduko dituena. Azkenik, zuzendari korporatiboaren ustez, bitartekoak, baliabideak eta ezagutza bateratu arren aniztasuna errespetatzen duen eredu berri honek arrakasta izango du sektorean: «Sektoreak berehala ikusiko du formula egokia dela, ohiko kontzentrazio ereduen aldean askoz ere alternatiba erakargarriagoa delako. Ez ninduke batere harrituko sektoreko hainbat enpresak bide bera hartzea erabakiko balute». Gizarte Segurantzako Estatuko idazkari Octavio Granadoren hitzetan, Mutua Korporazioak, mutualitate bakoitzari bere nortasuna mantentzeko aukera ematean, beren jarduera hobetzeko koordinatzaile lana egiten du, eta era horretan mutualitate bakoitzak eutsi egiten dio bere lurraldean duen indarrari. Ildo horretatik, Granadok esan du Mutua Korporazioari esker sektoreak hobeto funtzionatuko duela, mutualitateek langileei zerbitzu hobeak eskainiko dizkietelako, eta baliabide publikoak era eraginkorragoan erabiliko direlako. Mutualitateak bateratzeko prozesuari buruz ere mintzatu da: «Prozesuak abiadura iraunkorra izan du azken lau urteotan. Mutualitateek lanean daramatzaten 100 urte baino gehiagotan, sektoreak enpresa berritzaileenen, eraginkorrenen eta lana ondoen egiten dutenen alde egin du. Horiek dira, hain zuzen ere, prozesu natural honetan besteen gainean jarri direnak». Estatuko idazkaria pozik agertu da Mutua Korporazioaren anbizio handiko prozesu honen babesle izateagatik, eta Gizarte Segurantzaren barruan ekimen ona dela esan du. «Mutualitateen zeregina langileei eta enpresaburuei zerbitzu hobea eskaintzea baita, eta Mutua Korporazioa hori lortzearen alde ari dela uste dugu», gaineratu du. Horrez gain, Granadok esan du elkarte eredu hau bereziki onuragarria dela gizarteari eta berau osatzen duten erakundeei dagokienez. Mutua Korporazioa zenbakitan Mutua Korporazioaren diru-sarrerak 2.127,43 milioi euro baino handiagoak dira, eta probisioen eta erreserben bolumena 1.000 milioi baino handiagoa da; hala, Babes Sozialeko Sistema hobetzen laguntzen du, Gizarte Segurantzaren Prebentzio eta Errehabilitazio Funtsaren eta Pentsioen Erreserba Funtsaren bitartez. Koordinazio eredu bakarraren pean hainbat mutualitate biltzen dituen ekimen berritzailea da, beraz. Edonola ere, erakunde bakoitzak bere nortasunari eta identitate juridikoari eutsiko dio. Integrazio prozesu hau, beraz, ez da sektore honetan orain artean bizi izandakoak bezalakoa; izan ere, antolakuntza aniztasuna errespetatzen du, eta erakunde bakoitzaren kudeatzeko gaitasuna eta autonomia bermatzen ditu. Mutua Korporazioa urtarrilaren 1ean hasiko da lanean.
Gaia:
Mutua Korporazioa sortu da (www.corporacionmutua.com)
Harremanetan jartzeko: Ana Téllez: 680 230 380, comunicacion@corporacionmutua.com Araceli de Blas: 609 310 885 comunicacion@servimedia.es |
Kazetarientzako prentsa kontaktua |
|---|
Posta elektronikoa comunicacion@corporacionmutua.com |
Mutua Korporazioa markaren irudia (PDF eta EPS) |
|---|